Aurkezpena

FaceBook  Twitter  
Noiz sortua: 20 Martxoa 2013

Jada hamarkada bat pasa da Leizaola Elkargoa sortu zenetik. Denbora honetan, Leizaola Elkargoa sortu genuenok, ez bakarrik euskal gizartean baizik eta mundu mailan emandako aldaketa sakonen lekuko izan gara, eta gure erakundea, gizarte honekiko duen konpromezua dela eta, etengabe garatzen eta aldaketa hauei moldatzen joan da, baina beti ere bere izaera mantenduz eta gure estatutuetan zehazten den bezala: "Leizaola Elkargoak euskal kultura eta gure hizkuntza bultzatu eta hedatuko du eta euskal nortasuna bultzatuko du klase eta kondizio guztietako hiritarren artean".

Jesus Maria Leizaola, "Lendakari Zarra" bezala ere ezaguna,XX.mendeko Euskal Herriko pertsonaia garrantzitsuenetariko bat izan da. Gure mirespena sortzen duten hainbat baloreen jabe zen eta bere izaera eta elkarrizketarako joera dela eta, ziur gaude gaur egun ere primerako politikaria izango litzatekeela. Gainera, Leizaolak beti Euskal Unibertsitatea defendatu izan zuen, euskara euskarri gisa zuelarik, nolabait ere gure hizkuntzaren iraunbizitza ziurtatzeko. Horregatik, Leizaola Elkargoa sortu zenean, gure gertuko iraganeko pertsonaia garrantzitsu hau berreskuratu nahi izan genuen, bere pertsonan gure errespetu osoa merezi duten balore eta printzipioak biltzen direlako.

Horrela hasi zen beraz, Leizaola Elkargoa lanean 1997. urtean, eta gaur da eguna, non atzera begira, proiektu honen sorreran parte hartu genuenok bide hau guztian zehar lagundu gaituzten erakunde, entrepresa eta pertsona guztiak eskertzeko beharrean aurkitzen garen. Hazkundea eta etengabeko aurrerapena dira Leizaolari eskeini ahal dizkiogun ordainik hoberenak, eta berari ezezik, baita ideologia edo pentsaera politiko desberdinak izanik gure historia eta kultura defendatu duten pertsona guztiei ere.

Leizaolaren adibidea jarraituz, gure jardueraren zati garrantzitsu bat euskal gazteriari eskaini diogu, bai argitarapenen bidez, bai jardunaldi edota mintegien bidez. Ekintza hauen guztien antolaketarekin, gure asmoa errealitatedesberdinak aurkeztu eta gazteak erreflexio bat egitera eta gizartean inplikatzera bultzatzea izan da. Gure ustez garrantzitsua da gure gazteak gurekin izatea, azken finean beraiek izango baitira gure gizartearen etorkizuna eta ilusiozko eta itxaropenezko mezu bat zabaldu behar zaie, gure garaietako erronken parte direla ulertaraziz. Antolatzen ditugun foroetan, argitaratzen ditugun lanetan, beti planteatzen den gaiaren inguruan sentsibilitate desberdinak azalduko dira. Modu honetan, Leizaolan egiten duguna gai konkretu baten inguruan ikuspuntu desberdinak azaltzeko eta arazoei irtenbideak emateko foro bat aurkeztea da. Bertatik ateratzen diren ondorioak edota ikuspuntu konkretu baten alde jotzea norberaren esku geratzen da, gure lana, soilik erreflexioa eta eztabaida sortzea baita, etaez iritzi konkretu baten alde egitea.

Hurrengo orrialdeetan irakurleakgure erakundearen berri zehatza aurkituko du eta baita burutzen ditugun ekintzen berri ere. Parte hartzera irekita dagoen erakundea izanik norbaitek iradokizunen bat izango balu, esker onez onartuko genuke.

Azkenik, gure poztasuna azaldu beharra dugu, hemen azaltzen diren datu guztiak hamar urteko lana eta dedikazioaren ondorioa baitira. Hau guztia ez litzateke posible izango gure kide eta laguntzaileen laguntzarik gabe. Hauei guztiei lan hau eskaini nahiko genioke.