Euskara Bizia egitasmoa, aurten berriro abian

FaceBook  Twitter  
Noiz sortua: 13 Otsaila 2015

Leizaola Fundazioak 2005. urtean Euskara Bizia zeritzon egitasmoa abian ipini zuen lehenengo aldiz. Ekintza honen bidez, euskararen erabilera bultzatu eta areagotu nahi zuen aisialdirako sortu berriak ziren merkataritza guneetan. Fundazio berak egindako ikerketaren arabera, euskara oso erabilera urria zuen saltoki hauetan, eta horrexegatik, asteburuetan milaka eta milaka lagun handik pasatzen direnez, euskarari tartetxo bat ireki zitzaion haurrak eta, beraiekin batera, gurasoak protagonistatzat hartzen zituen jarduera honetan.

 

Baina krisiaren eta aurrekontuen murrizketen ondorioz, 2010ean azken emanaldia eskaini zen, harrezkeroztik ekimen hau zokoratuta egon delarik. Aurten, berriz, beharra gero eta nabariagoa denez, euskarazko ipuin kontalaria, karaokea eta bestelako euskarazko jolas eta ekimen Euskal Autonomi Erkidegoko merkataritza guneetara itzuliko dira, orain arte egindako lanari jarraipena emanez. Emanaldiak aldez aurretik iragarriko dira, baina lehenengoak uda ostean izango dira ziurrenik.