René Cassin Saria 2014

FaceBook  Twitter  
Noiz sortua: 11 Abendua 2014

Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarte Eguna ospatzen dugu eta, urtero gertatu ohi den moduan, Eusko Jaurlaritzak René Cassin Saria ematen du. Sari honetan bizikidetzaren eta gizakion oinarrizko eskubideen alde egin duten lagunak goraipatu nahi dira. Aurten, jatorri anitzetako indarkeriak jasan dituzten 41 biktimei merezi duten aintzatespena eskaini zaie. Honela, ETA, GAL eta indarkeria poliziala jasan duten lagunak hartu dute saria, izan ere bizikidetzaren aldeko apostu sendoa adierazi baitute, Adi-adian programan, Glencree topaketan edota Jaurlaritzatik bultzatutako bestelako programetan parte hartuz. Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi zuen moduan, “enpatia saritu nahi izan dugu, Giza Eskubideen arima baita”. Giza Eskubidei eutsi behar diegu, beraz, ezinbesteko tresna baitira gizarte oparo eta aurrerakoia garatu ahal izateko, beti ere gure iraganean izandako indarkeria terrorista eta honek eragin duen samina ahaztu gabe, biktimek ere oroimenak dakarren aintzatespena merezi baitute.