Astigarribia, Aznar eta Leizaola omendu ditu erakusketa baten bidez

FaceBook  Twitter  
Noiz sortua: 17 Abendua 2012

Abenduaren 17tik 21era bitartean, Deustuko Udaltegian, Oroimen Historikoari buruzko erakusketa egon da ikusgai. Erakusketa honetako protagonistak hiru izan dira: Astigarribia, Aznar eta Leizaola. Hirurek Bilboko Defentsa Batzordea osatu zuten 1937ko ekain negargarrian, garai hartan tropa falangistek Bilbo hondatzeko mehatxua egin baitzuten.

Eusko Jaurlaritzako hiru sailburu horiek aipatutako mehatxuaren aurka altxatu ziren, Jose Antonio de Aguirre lehendakariarekiko koordinazioari eutsiz. Horrela, faxisten amorrua eta haserrea apaldu ahal izan zituzten, Bilbo hondatzeko ideia zutelako, hiria hartu ostean.

Erakusketak 48 lamina izan ditu; bertan, garai hartako hainbat irudi eta testu agertzen dira, azalpen labur batekin lagunduta. Erakusketan jorratutako gaiak edo sasoiak ondokoak dira: II. Errepublikaren sorrera; lehenengo Eusko Jaurlaritzaren eraketa; eta Bilboko ebakuazioari buruzko xehetasunak eta datu esanguratsuak. Gainera, Deustun Eusko Jaurlaritzak faxistekin izandako harremanen inguruko hainbat material ere egon dira ikusgai; hain zuzen ere, harreman horiek euskaldunen eta Euskadiren odol jarioa gutxitzeko asmoarekin ezarri zituen, nahiz eta min eta hilketa asko saihestezinak izan ziren.